“White straight rich men first!”

Por Araitz Peña.

“Ur ondoko zuhaitza bezala,

ez gaituzte mugituko

gerra eta faxismoa ditugu etsai

ez gaituzte mugituko” –Capitola Tasker

Eskuin-muturraren mamua Europan isilean zabaldu da azken urteotan, baina ozeanoaren beste aldean izutu du mundua. Europako eta Asia ekialdeko lider politiko eta analistak Trumpen protekzionismo populistak eta kanpo-politikak arduratzen dituen bitartean, bestelako arazoak ere ikus daitezke presidentearen diskurtsoan. Emakume kazetariei egin dizkien kritika sexistek eta latinoen aurkako hitzaldiek arduratu dute, batik bat, Estatu Batuetako gizartea, baina baita mundu osoko hainbat mugimendu sozial eta politiko ere.

Emakume, beltz, lesbiana eta txiro jaiotzea da gizartean izan daitekeen zorterik txarrena, azken urteetako pentsalari feminista askoren esanetan. Lau zapalkuntza mota horiek dira 1970eko hamarkadatik feminismo erradikalak aztertu eta gainditu nahi izan dituenak era sakon batean. Hala ere, mugimendu sozialen arteko intersekzionalitatea lehen mugimendu abolizionista eta feministetan ikus dezakegu, XIX. mendeko Estatu Batuetan. Sojourner Truthen “Ez al naiz emakume bat? (Ain’t I a woman?)” gogoan dute berriro bere birlobek Trumpen kargu-hartzearen ondorengo Women’s March  handietan. 1830 inguruan hasi ziren mugimendu garrantzitsu hauek indarra hartu dute berriz Estatu Batuetako presidentearen hitzak sexista eta arrazista eta haren presidenteorde Pencen hitzak homofoboak direla iritzita. Testuinguru honetan, feminismoa eta, batez ere, intersekzionalitatea beharrezkoak ikusi dituzte mundu osoko emakume eta gizonek XX. mendean zehar lortutako eskubideak mantentzeko eta oraindik faltan direnak lortzeko.

Genero-kontzientzia, klase-kontzientzia bezala, ikusiz eta ikasiz lortzen dela argudiatu da mugimendu feministatik. Haien hitzetan, betaurreko moreak dira ikusteko lehen pausoa. Ikastea apurka-apurka etortzen da, klasikoak irakurriz: Rosa Luxemburg, Virginia Woolf, Angela Davis, Clara Campoamor… Betaurreko moreek eta irakurketek ematen duten perspektibak jada gizartearen ikuspegia guztiz alda badezakete ere, Donald Trumpek hankaz gora jarri du politikoki egokitzat hartzen den hitzaldia. Mundu osoa asaldatu zuten “Grab them by the p***y. You can do anything” hitzek, baita bere aurkari politikoa zen Hillary Clintoni egiten zizkion kritikek. Bere kabineteak norabide bera jarraitzen du. Orain artekoa kontuan hartuta, Senatuak onartu beharreko 22 goi-karguetatik, lau baino ez dira emakumeak, hau da, karguen %18a. Senatuaren onarpenik gabeko goi-karguetan, ordea, proportzio hori are baxuagoa da, 10 kargutatik bat baino ez baita emakumea. Bada azken datu bat ere: Trumpek bere karguaren zina egin eta 3 ordura, jada ez zen existitzen emakumeen aurkako indarkeriari buruzko informaziorik Etxe Zuriaren webgunean (Obama presidentearekin bazegoen, ordea).

Angela Davisek harro gogoratzen du Estatu Batuetako Gerra Zibilaren amaieraren aurretik mugimendu abolizionistak eta feministak izan zuten lankidetza. Gaur egun, sexismoarekin nahikoa izan ez eta, presidentearen arrazakeria jasan behar du Estatu Batuetako gizarte multikulturalak. Ez da erraza Mexikok ordaindutako harresia ahaztea, edo mexikarrak bortxatzaileak eta droga-trafikatzaileak direla esan zueneko hura memoriatik ezabatzea. Oraindik arrazen arteko arazoak dituen nazio batean, Black lives matter moduko gizarte-mugimenduak oraindik beharrezko dituen gizartean, horrelako salaketak egiteak Ku Klux Klan eta antzerako eskuin-muturreko mugimenduak ekartzen ditu bai estatubatuarren bai atzerritarren gogora. Frederick Douglassek XIX. mendean eta Martin Luther Kingek XX.ean arrazakeriaren kontrako borrokan izan zuten eragina desegiten joan daiteke Trumpen agintaldia aurrera doan heinean. Immigrazioaren kontrako arrazoibide horrekin, estatubatuar gehienen historiaren aurka egin du, immigrantez eratutako herrialde bat aipatzekotan, garrantzitsuena EEBB baita. Arraza zuriaren gailentasun nahi hau bere kabinetera ere eraman du Trumpek, eta are argiago ikus daiteke bere administrazioa Obamarenarekin alderatzen bada. Ben Carson da 32 goi-karguetatik afroamerikar bakarra, Elaine Chao asiar-amerikar bakarra eta ez dago latinorik.

Emakumeak, arraza eta klasea irakurtzen hasi nintzenean, “klasea” hitza arraro ikusi nuen izenburu hartan. Askotan zail egiten da marxismoak gainditu nahi duen kapitalismoa patriarkatuarekin edo arraza zuriaren nagusitasunarekin lotzea. Beste behin ere, Estatu Batuetako presidenteak batu ditu zapalkuntza hauek. Nahiz eta Trump “outsider” edo kanpotar jo EEBBko establishment politikoak, Owen Jones kazetari eta aktibista ingelesak bere herrialdeko establishment-aren analisia egitean klase politikoa elite ekonomikoarekin, komunikabide handiekin eta Estatuaren babes-indarrekin lotu zuen. EEBBko presidentearen hitzaldi populista eta sentsazionalistek langile klase zuriak erakarri dituzte, klase horretan izan baitu babes handiena azaroko hauteskundeetan. Trump, ordea, beste klase baten parte da: klase burgesarena. Bere kabinetean berak eta beste bik gainditzen dituzte mila milioi dolarrak euren ondasunetan, eta beste hamarrek milioitik gora dolar dituzte. Nahiz eta neurri protekzionistak proposatu bere hitzaldietan, Trump neoliberalismoari esker egin da aberats, eta establishment ekonomikoa (korporazio handiak, finantza-merkatuak) elikatu beharko du bere agintaldian Wall Street lasai mantentzeko. Ez ditu zerbitzu publikoak hobetuko, jada adierazi baitu, adibidez, Obamaren osasun-sistema guztiz desegingo duela. Trumpen gobernuak establishment-aren alde egingo du lan, beraz, hau da, euren diru-emaileen alde. Beraz, Europan gertatzen dena, Obamarekin gertatzen zena eta Clintonekin gerta zitekeena errepikatuko da, aldeaniztun merkataritza-akordioak bi aldeko akordioekin ordezkatuz. Horrek azal dezake zergatik ez ziren asaldatu merkatuak hauteskundeen emaitzak kaleratu zirenean azaroaren 9an.

Generoa, arraza eta klasea aztertu ondoren, sexu-orientazioa jorratzeko Trumpek bere presidenteorde izateko aukeratu zuen gizonarengan jarri behar da lupa: Mike Pencengan. Indianako gobernadore ohiak oso jokaera garratza izan du LGTBIQ kolektiboarekin. Estatu Batuetako gay eta lesbianek oraindik ez dute ahaztu Pencek haien kontra elektroshock terapia erabiltzea gomendatu zuenekoa. EEBBko Auzitegi Gorenak 2015eko ekainean genero berdinekoen arteko ezkontza legeztatu zuenetik, administrazio hau izan daiteke LGTBIQ kolektiboak izan duen arrisku instituzional handiena. Presidenteordearen hitzek homofobia zabal dezakete Estatu Batuetako gizartearen alderdi tradizionalenean eta pertsona homosexual, bisexual, transexual eta queerren kontrako indarkeria bidezkotu dezakete. Ian McKellen aktore eta LGTBIQ komunitateko aktibista famatuak bere ardura erakutsi zuen Trumpen gobernuak Etxe Zuriko webgunetik bere komunitatearen orria ezabatu zuenean. Mike Pencen hitzek XIX. eta XX. mendeetan gay eta lesbianek jasan duten errepresioa dakarte askoren gogora, eta horregatik arduratu dira LGTBIQ mugimenduko aktibistak eta haien aliatuak presidenteordearen izena argitaratu zenetik.

Sexismoa, arrazakeria, klasismoa eta homofobia Trumpek eta bere gobernu osoak adierazten duten faxismoaren aurpegiak dira. Askok esango dute faxismoa 1945ean amaitu zela aliatuek Berlin hartu zutenean. Hala ere, hasi da eskuin muturra berriz esnatzen Grezian, Hungarian, Austrian, Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan, eta alderdi errepublikanoan eman du sorpresa Estatu Batuetan. Gainera, establishment politiko eta ekonomikoak gizartearen zati handienaren kontzientzia jan du eta orain masak ez dira gai gobernuetan esertzen ari direnen aurrean erreakzionatzeko. Gizartea lo egon da eskubideak murriztu diren bitartean, bere aberastasunak lapurtu diren bitartean, ideologia ezabatu den bitartean. Trumpen garaipenak, ordea, esnatu ditu batzuk. Emakumeek mundu osoko kaleak bete dituzte Women’s March  jendetsuetan, LGTBIQ komunitatea, latino eta afroamerikarren komunitatea eta mundu osoko mugimendu feminista presidente estatubatuarraren kontrako erreakzio izateko prestatzen ari dira, hurrengo lau urteak hain eroso pasa ez ditzan, Angela Davisek bere hitzaldian adierazi zuen moduan. Elkarlana da nagusi mugimendu handi honetan.

Elkarlan hori, ordea, indartu eta sakondu egin behar da aurretik diren erronkei aurre egin nahi bazaie. XIX. mendean mugimendu feministak abolizionista baztertu zuen Estatu Batuetan emakume zurien artean oraindik indartsu baitzen arrazakeria. XX. eta XXI. mendeetan ezkerrak behin eta berriz alboratu ditu emakumeak eta feminismoaren aldarriak, klase-borrokatik aldentzen omen baitziren feministak. Intersekzionalitateak ekarri behar du elkarlana eskuin muturreko mugimenduak gainditzeko borrokara. Gizarteak argi izan behar du posible dela, Rosa Luxenburgek adierazi zuen moduan, feminista eta ezkertiarra izatea, edota LGTBIQ komunitatearen eskubideen aldeko aktibista eta Black Lives Matter mugimenduaren aliatu izatea aldi berean. Indarrak batzea beharrezko da mugimendu horien guztien ustetan faxismoaren makineria eta alienazioa gainditzeko. Hala errepikatu da mundu osoko kaleetan “Women’s rights are human rights!”, elkarlan horren lehen adierazle.

“I think the importance of doing activist work is precisely because it allows you to give back and to consider yourself not as a single individual who may have achieved whatever but to be a part of an ongoing historical movement.” –Angela Davis

  • Davis, Angela. Emakumea, arraza eta klasea. Danele Sarriugartek itzulia. Donostia: Elkar Argitaletxea eta Jakin, 2016.
  • Jones, Owen. El Establishment. La casta al desnudo. Javier Calvok itzulia. Bartzelona: Seix Barral, 2015.
  • Fahrenthold, David A. “Trump recorded having extremely lewd conversation about women in 2005.” The Washington Post, 2016ko urriaren 8a.
  • “Donald Trump’s Cabinet Is Taking Shape. Here’s the Latest List.” The New York Times, 2017ko urtarrilaren 20a.
  • “Millionnaires et milliardaires du cabinet Trump.” Agence France-Presse, 2017ko urtarrilaren 20a.
Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s